XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

elizan, hileta-kanpaiak ez ziren arrazoi barik jotzen ari.

Elkarrekin pasatutako une onak gogoratu nituen hilerrian, bi lagunen zerraldoak euri-tantek apurka-apurka nola bustitzen zituzten ikustean.

Hamaikatxo lorontzi apurtuak ginen txikitan, festa batzuk pasatuak genituen elkarrekin parranda eginda, dantza-saio ederrak eginak ere bai herriko plazan...

Jokatzen genituen pilota-partida bikainak etorri zitzaizkidan burura, txirrinduz eginiko mendiko txango ederrez oroitu nintzen.

Baina nork pentsatuko zuen, hark guztiak horrela amaitu behar zuela?

Baina alferrik zen, ez zegoen atzera bueltarik, nahiz eta hala pentsatu nahi izan...

Herri guztia zen bildua hilen bizilekuan, azken hau galdu berri zuten bi herritarrei agurra emateko.

Orduan ere eguraldiak ez zuen barkatu, beti bezain hodeitsu ageri zen zerua, bizitzak ezarritako azterketan eragin handia izan zuen euriak gelditu gabe jarraitzen zuen; gustua hartua ziola zirudien.

Ezinezko egingo zitzaigun pilota-partidu bikain haiek berriro jokatzea, parrandara joaterakoan, afaritxoak egiterakoan, kartetan aritzeko unean inork beteko ez zuen hutsunea sentituko genuen, bi lagun galdu genituelako.

Bi ardi faltako ziren handik aurrera artaldean, baina hala eta guztiz ere, laiotzeko elurrak urtu gabe iraungo zuen bitartean behinik behin, gure zakur eta artzainak han jarraituko zuten betirako.

Lagunak hilobietan sartzearekin zirrara berezia sentitu nuen, gorputz guztia dardarka jarri zidan zera arraro bat somatu nuen.

Ez nien nahi lagunei adiorik luzatu, ez nituen agurtuko, ez horixe; gero arte bat eskaini nien, berriro ikusiko nituen esperantza nuelako, nahiz eta hori gertatzeko denbora pasatu beharko zuen.

Berdin zion, sekula ere ez nintzela ahantziko beraiez zin egin nien;